Ziritik

Eskerrik

Xabier. Euzkitze - Domingo, 28 de Junio de 2015 - Actualizado a las 06:14h.

Edukazioa, gero eta gutxiago aipatzen den hitza. Haren aurrekoak behar luketenak galtzen ari garen honetan, jada ez diogu garrantzirik ere ematen. Adinekoen artean ere gero ere bakanagoak dira diosalak, gero eta jende gutxiagok esaten du egun on. Eta saihestu ezinezko egoerak, igogailuan norbaitekin igo edo jaitsi beharra adibidez, luze eta ezatsegin gertatzen zaizkigu. Kasik eskailerak erabiltzea nahiago.

Esker oneko izatea ere jendetasunaren baitan koka liteke. Ongi hezitako jendeak eskerrak emateko ohitura izan ohi du zer eskerturik dagoenean. Bai, zalantzarik gabe garrantzitsua da eskerrak ematea. Eta garrantzitsua da eskerrak ongi ematen jakitea ere. Hori ere ahantzi zaigu. Euskararen ekialdean “milesker handi bat” etengabe entzuten dugu aspaldiko urteetan. Asko hamar omen da, baina zenbaiti mila ere gutxi iruditzen zaio, eta milesker esatea aski ez. Beraz, milesker handi bat. Eta hori gustuko ez baduzu, bada beste aldaera bat, traketsean hari itzal egiteko modukoa: milesker anitz!. Harrapazank!

Gipuzkoa aldean eta Gipuzkoa erdigune duten euskarazko hedabideetan beste formula bat ofizialdu dugu: “mila mila esker!” Euskarak oso berea du adjektiboak errepikapenaren bitartez indartzea: goxo-goxoa, eder-ederra, txiki-txikia. Baina zer zentzu du kopurua errepikatzeak. Zer da mila mila esker? Bi mila?

Horiek aski ez eta, beste formula bat hedatu da azken boladan, Bizkaia aldean behintzat sekulako indarra hartu du: “eskerrik!” Eskerrik asko esatea luzexko, antza denez, eta orain eskerrik esaten dugu. Orain arte eskerrik asko zen euskaraz ez zekitenek gehien erabiltzen zuten hitza, kaixo eta gero arteren gainetik. Ba euskaraz dakitenek zein ez dakitenek hori jarri dute modan.

Udan ateden hartuko dute gure zutabeek. Eskerrak eman nahi dizkizut denboraldi honetan iganderoko edo noizbehinkako irakurle izan zaitudan horri. Eskerrik asko, edo eskerrik anitz. Eta ez dezazula pentsa gainerako formulak erabiltzen dituztenak esker hobekoak direnik. Uda on!.