berrikuntza teknologikoak

Kutxabanken bezeroen %35 erabiltzaile digitalak dira

Kutxabankek 164.000 jarraitzaile inguru ditu, eta beraz sare sozialetan bostgarren komunitate handiena du

Kutxabank berrikuntza teknologikoen alde egiten ari den apustuaren haritik, bere Banka digitalarekin bat egiten duten bezeroen kopurua –pertsona fisikoena zein enpresena– etengabe handitzen ari da, eta hori bezeroen profila erabat aldatzen ari da.

D.D. - Lunes, 7 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 10:32h.

BILBO. Gaur egun, Kutxabanken bezeroen %35 baino gehiago erabiltzaile digitalak dira, hau da, erakundearekin harreman osoa lehentasunez eta ia erabat online izaten dute. Batez bestekoa lau puntu hazi da urtebetean. Hain zuzen ere, ekainaren amaieran Kutxabank Taldeak 850.000 bezero digital inguru zituen, eta honek Bankuarekin aritzeko moduan eta ohituretan bilakaera nabarmena erakusten du.

Berriz ere, igoerarik nabarmenena erakundearen Banka mugikorrean ikusi da. Urteko lehen sehilekoan, Kutxabanken online zerbitzuetan 39 milioi sarrera zenbatu ziren, eta hautetatik %51 mugikorren bitartez egin ziren, mahaiko ordenagailu pertsonalen ordez.

‘Smartphone’ gailuen bitartez kudeatutako eragiketetan ere bilakaera azpimarragarria ikusten da. Urteko lehen zatian Kutxabanken Banka mugikorrak 503 milioi euroko balioa izan duten eragiketa kontableak zenbatu ditu. Kopuru hau iazko garai berean lortutakoekin alderatuz gero, igoera %59koa izan da.

Garapen honetan erabakigarria izan da Kutxabankek mailegu pertsonalak gauzatzeko aukera Banka mugikorrera zabaldu izana. Horrekin batera, hainbat funtzionaltasun erantsi dizkio, hala nola traspasoak edo trasferentziak egiteko aukera, erreziboak ordaintzekoa, baloreak salerostea, txartelak kudeatzekoa edo telefono mugikorren errekarga egitekoa.

Sare sozialen bitarteko interakzioa

Kutxabankek sare sozialetan duen presentzia handiak bezeroen arreta hobetzeko aukera ere ematen dio, batik bat espazio birtual hauetan elkarri eragiteko eta kontsultak egiteko aukera dutenekin.

Kutxabankek 164.000 jarraitzaile inguru ditu, eta beraz sare sozialetan bostgarren komunitate handiena du, batik bat Facebook eta Twitterren. Kanal hauetan eta erakundeak abian jarri dituen gainerako blogetan, hainbat gairi buruz erabiltzaileek egiten dizkioten galderak argitzen saiatzen da Kutxabank.

Adibidez, geroz eta pertsona gehiago sartzen dira Kutxabanken gida desberdinetan, etxebizitza bat erosterakoan edota mailegu pertsonal bat eskatzerakoan jarraitu behar diren urratsei buruzko informazioa eskuratzeko. Ondoren, online bisita hauetako asko Bankuko talde komertzialen mahaietan amaitzen dira, eta bilerotan galderak sortzen dituzten gaiak aurrez-aurre argitu ohi dira.