Gaurtik larunbatera ospatuko dira Azken Portu auzoko jaiak Zarautzen

Niña Coyote eta Chico Tornado eta WAS musika taldeak izango dira, besteak beste, gauak girotuko dituztenak

Ane Roteta - Jueves, 10 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 06:10h.

Zarautz- Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko (SKAPA) festak indarra hartzen joan dira urtetik urtera, eta aurten ere hiru eguneko programazio zabalarekin dator Azken Portuko Komisiyua. Astazubi plazatik Urdaneta kalera lekua aldatu behar izan zuten iaz festa gune nagusia (Aranburu kristaldegiaren eta TAOren bulegoaren parean dagoen aparkalekua), Udalarekin akordio batera ez zirelako iritsi, eta aurten ere leku berean ospatuko dira festak, Santa Klarako pasabidearen obrak direla eta.

Larunbatean berotu zituzten motorrak mus txapelketa, salsa ikastaroa eta Ye Mambo Txikis talde zarauztarraren emanaldiarekin, baina gaurtik larunbatera bitartean izango da benetako festa giroa “amets egitea ahaztu ez duen” herrian, trenbidearen beste aldeko auzoan.

Gaurkoan Gazteen Eguna ospatuko dute auzotarrek, eta haurren-tzako puzgarri eta tailerrekin ekingo diote egunari 10.00etan. Ondoren, 12.00etan, komisiokideen pilota partida lehiatuko da, baina arratsaldeko 16.00etan botako dute jaiak iragartzen dituen suziria, ohi den bezala. Jarraian, buruhandiak izango dira Goizeko Ihintza txistularien laguntzarekin, eta ume jolasak ere izango dira Tentenea plazan (16.30). Arratsaldeko 18.00etan, berriz, Azken Portuko auzo krossa jokatuko da Urdaneta plazan, triduoa izango da Aritzbataldeko kristau biltokian (18.30) eta Jalgi dantza taldeak emanaldia eskainiko du 19.00etan Plaza Gorrian. Gainera, gozozale guztientzat txokolatada izango da jarraian. Gauean, dagoeneko tradizio bihurtu den XXVI. Txirrindularitza Kriteriuma lehiatuko da, eta horren ondoren musikak girotuko du gaua. Niña Coyote eta Chico Tornado (23.30) eta Tremenda Jauria (1.15) taldeen musikarekin gozatu ahal izango dute festazaleek, eta gainera, zirkoz mozorrotzen direnek Moscow Mule tragoa lortu ahal izango da dohainik.

Santa Klara egun handia, ordea, bihar helduko da. Goizeko Ihintza txistulariek eta buruhandiek emango diote hasiera egunari, eta marrazki lehiaketak (10.30) eta Meza Nagusiak (11.00) emango diote segida. Arratsaldean gorputza mugi-tzeko aukera izango da Leire Odriozolak eskainiko duen zumba saioarekin, 17.30ean, eta ondoren parrillada izango da Plaza Gorrian. Bestalde, herri kirol jaialdia izango da 19.00etatik aurrera, eta gaueko kon-tzertu saioa WAS (23.30), Shake! Soul &Roll (1.30) eta DJ The Ma-ma’s (Mario Azurza eta Makala) taldeen eskutik iritsiko da.

LehiaketakOraindik ere indarrak gorde beharko dituzte auzotarrek larunbaterako;izan ere, auzo bazkaria, ohi den bezala, festen azken egunean, Santa Klara bigarrenean, egingo da. Dena den, hori baino lehen zenbait txapelketa izango dira: batetik, Patxi Iruretagoienaren omenezko IV. Marmitako Lehiaketa (10.30);bestetik, Joxe Aranbururen omenezko XI. Toka Txapelketa (11.30);eta azkenik, patata tortila eta postre lehiaketa (12.30). Bitartean, epai-mahai talde bat auzoko balkoirik ederrena hautatzen ibiliko da auzoan zehar. Hala, auzo bazkaria 15.00etan hasiko da. Urdaiazpikoa eta pateak, marmitakoak, arroz-esneak eta kafe eta patxaranak osatuko dute menua eta 12 euro ordaindu beharko dira. Ondoren lehiaketak, sari banaketak eta omenaldiak izango dira, gero auzotik musika kalejira egiteko Eonian elektrotxarangarekin.

Festei amaiera borobila emateko bertso saioa izango da 22.00etatik aurrera eta bertan izango dira Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia, Beñat Jauregi Fede eta Andoni Egaña zarauztarra. Eta hori amaitzean, Gozo-Gozo erromeri taldearen musikarekin mugitu ahal izango da gorputza 23.30etik goizaldeko 2.45era arte.