instalazioak egokitzen

Eusko Jaurlaritza 256 ikastetxe publikotan ari da egokitze-lanak burutzen uda honetan

Hezkuntza Sailak 4,2 milioi euro bideratu ditu obra txiki hauetarako

Hezkuntza Saila 256 ikastetxe publikotan ari da uda honetan instalazioak egokitu eta hobetzeko lanak burutzen, ikasleen opor garai bete-betean. Ikasturte berrirako eskolak egoki atontzea helburu hartuta, eta instalaziook funtzionaltasun, erabilgarritasun nahiz segurtasun maila egokietan zaintzeko xedez, Hezkuntza Sailak orotara 4,2 milioi euro bideratu ditu udan burutzen diren lan hauetarako.

d.d. - Sábado, 12 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 11:39h.

BILBO. Obra txikiak dira guztiak ere, konplexutasun teknikorik gabeak, eraikuntza-lanik edo diru-kopuru handirik behar ez duten lanak, eta proiektu teknikorik eskatzen ez dutenak. Ezaugarri hauei esker lanen kontratazioa modu erraz eta arinean egin daiteke, eta beraz, Hezkuntza Sailak ere azkarrago eta eraginkortasun handiagoz eman diezaieke erantzuna ikastetxeek ikasturte berrirako dituzten premiei.

Ikastetxeak hutsik dauden garaia baliatuta, eta hortaz, hauen eguneroko martxan trabarik egin eta eragozpenik eragin gabe, udako opor garaia egokia da, besteak beste, gisa honetako lanak burutzeko: estalgarriak eta akaberak taxutu;zoru nahiz sabaiak konpondu;espazioak birbanatu;gas edo elektrizitate instalazioak berritu;eraikuntza-elementuak egokitu;leiho eta kristalak aldatu;barneko arotzeria-osagaiak konpondu;kanpoaldeko zoladurak egokitu;pintaketa lanak egin;kanilak, erradiadoreak edo argiteria aldatu… eskola-instalazioek behar duten edozein konponketa txiki, azken finean.

Instalazioak egokitu eta hobetzeko lanak egiten ari diren 256 ikastetxe horien artean, 87 Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak dira (10 ikastetxe Araban, 49 Bizkaian eta 28 Gipuzkoan), eta gainerako 169ak aldiz, Bigarren Hezkuntzakoak (13 Araban, 79 Bizkaian eta 77 Gipuzkoan).