Aste Nagusia

Herritik hiriburura

NG - Sábado, 12 de Agosto de 2017 - Actualizado a las 08:03h.

donostiako Aste Nagusiak eskaintzen dituen ikuskizunen artean, herri kirolak ere badu bere tokia. Gaur bertan, Trinitate Plazak Igeldoko Harria izeneko proba hartuko du, eta asteartean, berriz, Aizkolarien Urrezko Kopa. Bi ekitaldiek zale asko biltzen dituzte baina, batez ere, kirol hauek hobeto ezagutu nahi dituzten bertako eta kanpoko jendearen ikusmina asetzeko aukera paregabea ematen dute.
Igeldoko Harria txapelketa entzutetsuenen artean dago. Gehienetan, harrijasotzaileek harri bereziak erabiltzen dituzte, lehiaketerako espreski prestatuak.
Harri hauek pisu ezberdineko bolak, zilindroak, laukizuzenak edo kubo-formakoak izaten dira.
Bestetan, ordea, kirolariek naturan aurkitutako harriak altxatzen dituzte. Erreketan, basoetan edo itsas ertzean jasotako hauei harri baldarrak deitzen zaie, eta jaso-tzeko zailagoak izan ohi dira. Igeldoko Harria azken mota honetakoa da. Bertako amildegi batean aurkitu zuten, 134 kilo pisatzen ditu, eta 1992tik Trinitate Plazan egiten den txapelketaren protagonista da.
Aurten ere, ohiturak agintzen duenez, gaur, hilaren 12an jokatuko da, 19.30ean.
Txapelketarako bereziki egindako harri bakoitzak kilotan adierazita du pisua. Izan ere, harrijaso-tzaile askoren artean arroa da erreferentzia oraindik. Arroa batek 12,5 kilo pisatzen ditu, eta neurri zahar honen aztarnak oraindik ikus daitezke usadio batzuetan. Adibidez, Euskadiko Harri Txikien Txapelketan 100;112,5 eta 125 kiloko harriak erabiltzen dira;hau da, zortzi, bederatzi eta hamar arroakoak.
Bestalde, Aizkolarien Urrezko Kopa 1980ko hamarkadan sortu zen, eta bertan Euskal Herriko Txapelketako bost parte-hartzaile onenak lehiatzen dira. Kirolariek moztu behar dituzten egurrak ez dira edonolakoak.
Gehienetan, pago-enborrak izaten dira, eta neurri jakin batzuk izaten dituzte, perimetroaren araberakoak.
Perimetroa, gainera, ez da neur-tzen metro edo zentimetrotan. Erabiltzen den erreferentzia ontza da. 54 ontzako enborrak kanaerdikoak dira eta 1,252 metroko perimetroa dute;oinbikoak 72 ontzakoak dira eta 1,669 metroko perimetroa dute;eta kanak, 108 ontzakoak eta 2,5 metroko petrimetrokoak dira. Donostiako Urrezko Kopan, adibidez, aizkolariek hamalau kanaerdiko mozten dituzte.
Usadioen indarrez, beste herri kiroletan ere aintzinako neurriak erabiltzen dira. Adibidez, idi edo giza probetan, distantzia plazetan eta zintetan adierazten da. Plaza ez da tokiko enparantzaren luzaera;baizik eta 28 metroko neurri bat. Zinten balioa, berriz, lekuaren arabera desberdina da, eta lau, bost edo zazpi metroko balioa izan dezake. Izan ere, ikuskizuna, esfor-tzua eta tradizioa uztartzen ditu herri kirolak. - N.G.