Ziritik

¡Primero a que no!

Xabier. Euzkitze - Domingo, 10 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

nola egin liteke aldi berean bi hizkun-tzatan? Asmakizuna dirudi, baina asko aritzen dira. Denok aritzen gara, batzuk besteak baino gehiago. Horretaz ari zen Lazkao-txiki esaldi gogoangarri hura bota zuenean: zenbaiten euskara ulertzeko erdaraz asko jakin beharra zagok! “Bota” aditzarekin gerta-tzen da askotan. Euskarazko berezko esanahian baino askoz maizago erabiltzen da gaztelaniazko lokuzioetan: faltan bota, esku bat bota, andregaia bota (echarse novia), tripa bota, zigarro bat bota, partida bat bota, tragoa bota, siesta bota... Arrazoi zuen Joxemielek, gaztelaniaz jakin gabe ez dago horiek ulertzerik.

Bitxi da, baina beste aldera ere gertatzen da, erdarazko hitzekin euskal esamoldeak erabiltzea. Herri txikietan entzun izan ditut horrelakoak, nekazal inguruetan, Nafarroan batez ere. Juan y vendrán a las siete o (Juan-eta zazpietan-edo etorriko dira). Y le dije a mi cabeza... (neure buruari). ¡Eso también tenemos! (Hori ere ba al dugu!) Hemos venido el padre y los dos. Adibide hauetan guztietan alderantziz gertatzen da, euskaraz jakin ezean ulertezinak dira.

Kresal usainetan bazkaldu genuen atzo, Orion, Oria hegian. Arraunaren historian garaipen-zerrendarik luze eta disdiratsuena duen herria ez da iraileko lehen bi igandeen zain egoten kirol zirraragarri horri buruz hitz egiteko. Beste inon ez bezala bizi dute arrauna, urte osoan izaten da herritarren ahotan. Kontxako banderaren ingurumarian endemas, jakina. Arbelean zenbait apustu ageri ziren, denak erdaraz. Esanahia uler zitekeen, agian, euskaraz jakin gabe ere, baina hitzen hurrenkera ez: ¡Urdaibai en la Concha primero a que no!Euskara da zeharo: Urdaibai Kontxan lehenengo ezetz! Halatsuko egiturak erabiltzen dituzte kaian ohiuka aritzen diren artekariek ere: ¡Orio a San Juan 5 segundos a que sí!

Joxemieli aipatu behar dizkiot kontuok topo egiten dugun hurrengo aldian.