Zirrikituetatik begira

Koldarrak vs ausartak

Ana Urkiza - Lunes, 11 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 13:58h.

Bigarren lerrotik, beti ere, hobeto ikusten dira zezenak edo gertakizunak. Iritzia eratuago izaten dugu eta hitz egitera ausartzen gara. Gerra gurea ez balitz bezala.

El Vallenc-en Guardia Zibilak bozka paperen bila egindako miaketa koldarra iruditu zaigu. Demokraziaren kontrako atentatua. Ausartak, ostera, ekintza horren kontra manifestatu diren herritarrak. Ondorioz, irailaren 16rako Podemos-Ahal Dugu alderdiak deitutako manifestaldian parte har-tzeko gonbita zabaldu dugu "Kataluniako herriari gure babesa erakusteko".

Babesak eta babesak daude, ordea. Aipatu manifestaldian parte hartzetik bozka paperak inprimatu eta urriaren 1ean bozketa egiten lagun-tzera joate artekoak, esate baterako. Lehen lerrokoei laguntzera, alegia. Baina ahotik dihoakigu indarra. Ez baitago oso urrutira joan beharrik, lehen lerrotik ikusten ditugun gatazken aurrean ez garela hain ausartak konturatzeko.

Hondarribiko Jaizkibel konpainiaren 20. urteurrenaz ari naiz. Aurtengoan ere, urte bat gehiagoz desfilatuz urrats bat gehiago eman bada ere, ez alkateak eta ez lurralde ahaldun nagusiak, ez die konpainiari harrerarik egin. Gure instituzioek Berdintasun Planak bultzatzen dituzte baina alardearen kasuan, ez dute hala egiten dutenik erakutsi nahi. Nahiago hitza gorde. Herritar baten bozka, izan ere, asko baita. Gehiegi.

Hori ondotxo dakite katalanek. Mehatxupean daudenen larruan jarri dira eta mahuka azpian kartaren bat gordeta izan ezean, laguntzarik gabe, zail daukate. "Inoiz ez zara borroka honetan bakarrik egongo" zioen Jaizkibel konpainiari, bere ibilbidean zehar, zabaldu zioten pankarta handiak. Konpainiako emakumezko soldaduen poz negarra eragin zuenak. Bigarren lerroan hura ere.

Lehen lerroan koldarra ez izatea, gaur egun, asko eskatzea baita. Gehiegi.