Hemeretzigarrenez batuko ditu hiru hiriak Txingudi Korrikak

Hendaia, Irun eta Hondarribia arteko 10 kilometroko lasterketa hilaren 30ean izango da

Xabier Sagarzazu - Jueves, 14 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

hendaia- Mugaz gaindiko elkarte eta erakundeen arteko elkarlanaren eredu eta adibide den Txingudi Korrikak bere hemeretzigarren edizioa burutuko du datorren irailaren 30eko larunbatean, Hendaiako Floridako nasa eta Hondarribiko Hondartza kiroldegia hamar kilometroko ibilbidearekin lotuz.

Ohi bezala, Bidasoa Atletiko Taldea (BAT) da Txingudi Korrikaren antolatzaile nagusia eta mugaz bestaldeko laguntza eta koordinazio lanetan, hirugarren urtez, Hendaiako Urpean urpekaritza kluba egongo da.

“Hemeretzi urte pasa ostean esan genezake lasterketa hau erabat finkatuta dagoela korrikalari herrikoien artean, gure eskualdean bereziki, baina baita Gipuzkoan edo Lapurdin ere”, esan zuen atzo Ibon Muñozek, BATeko zuzendari teknikoak, Hendaiako udaletxean egin zen XIX. Txingudi Korrika honen aurkezpenean.

ibilbide berdinaBadiako hiru hiriak batuko dituen lasterketa herrikoi honen ibilbideari dagokionez, hau “azken urteetako berdina” izango dela azaldu zuen Muñozek;hau da, “lehenik, Hendaiako Floridako kaitik atera, pasealekuan barrena hiri honetako erdigunetik pasa eta geltokitik joanda, Santiagon muga pasa eta Irunen sartuko dira korrilariak”.

Ondoren, “Iparralde hiribidea eta Colón pasealekua zeharkatuz, Hondarribia kalea hartu eta Zubimusuko biribilgunera helduko dira, Hondarribian sartu eta aireportuko errepidetik hiri osoa zeharkatu ostean, Hondartza kiroldegiko atletismo pistan egongo den helmugaraino, ohi bezala”, azaldu zuten antolatzaileek.

babesleakAzken bi urteetan Real Unión Clubaren mendeurrena eta Santiagotarrak Kirol Elkartearen urrezko ezteiak omendu ostean, babesle nagusi berria estreinatuko du aurten Txingudi Korrikak, Irungo Urme zerbitzu inmobiliarioen enpresa, eta laguntzaile izango ditu, nola ez, Hendaia, Irun eta Hondarribiko Udalak eta hauen arteko elkarlanerako tresna den Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoa.

Hiru hiri hauetako Kirol arloko zinegotziak, Jean Michel Arruabarrena, Pedro Alegre eta Juan Luis Silanes, Txingudi Korrika honen aurkezpenean izan ziren.

Hirurek, lasterketa hau “badiako hiru hirietako elkarteen arteko lanaren eredu” dela azpimarratu zuten eta dei egin zieten “bai txinguditarrei bai Iparralde edo Gipuzkoako beste txokoetako jendeei, ibilbide hain ederra duen lasterketa honetan parte hartzera eta kirola eginez ondo pasatzera”

kopurua

800

Parte-hartzaile inguru espero dituzte Txingudi Korrikan.

xehetasunak

Txingudi Korrika Txikia. Irailaren 30eko goizean, 10.00etan hasita, Irungo Stadium Galeko inguruan egingo da, urtebete eta hamahiru urte arteko umeentzako lasterketekin.

Izen-emateak. Bai haurrena (doan) bai helduenak (12 eurotan txipa dutenentzat, 14 eurotan txipa alokatuta, korrikalariena, rollerena edo handbikean leihatzeko), www.kirolprobak.com webgunean, Irungo Leire Sport dendan edo Hondarribiko Papykop paperdendan egin ahal dira.