Mugikortasun Astea antolatu du Hernanik

Jarduerak asteburu honetan eta hurrengoan ospatuko dira eta berrikuntzak jaso dira

Jueves, 14 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

Hernani- Hernaniko Udalak eta herriko hainbat eragilek Mugikortasunaren Europako Astea antolatu dute elkarlanean, aurten ere. Ekitaldiak asteburu honetan eta hurrengoan burutuko dira.

Urtez urte, jarduera berriak txertatu dira egitarauan. Aurten bi berritasun nagusi daude: patin festan zailtasun desberdineko bi ibilbide izango dira, eta ipar martxa, adin guztietarako egokia den jarduera fisikoa, ere mugikortasun egitarauan sartu da.

Gauzak horrela, larunbatean 10.30etik 13.30 Patin Festa ospatuko da Latsunbeberriko pistan. Igandean, ipar martxa burutuko da 10.00etatik 12.00etara. Behar izanez gero, makilak utziko dira. Euria egingo balu, bi ekimen hauek kiroldegira lekualdatuko lirateke.

Hurrengo asteburuan, irailaren 22an kirol egokituaren ginkana antolatu da Atsegindegi plazan 17.30etik 19.30era. Azkenik, 24ean, Bizikleta Festa izango da. Goizean bizikleta ibilaldia, Bizibusaren informazio puntua eta bide heziketa zirkuitua egongo dira. - A.M.