Pupu eta Lorek bi emanaldi solidario eskainiko dituzte

Esklerosi anizkoitzaren aldeko bi saio prestatu dituzte igande goizean Errenteriako Niessen auditorioan

Jueves, 14 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

Errenteria- Esklerosi anizkoi-tzaren inguruan gizartea sentsibilizatzeko eta gaitz kroniko hau pairatzen dutenek behar duten errehabilitazioarentzako dirua biltzeko asmoz, datorren igandean, Pupu eta Lore pailazoek Haizearen herrira ikuskizuna eskainiko dute. Bi saio egingo dituzte Errenteriako Niessen auditorioan, 11.00etan eta 12.30ean. Bakoitzarako 400 sarrera eskainiko dira. Sarrerak dagoeneko salgai daude Niessengo leihatilan eta Xenpelar kultur dendan sei euroren truke. Emanaldi solidario hau Ademgi elkarteak, Katxiporretak eta Errenteriako Udalak elkarlanean antolatu dute.

Aste honetan egindako agerraldian, Ademgiko gizarte langilea den Jon Barriolak eserleku guztiak betetzea espero dutela adierazi zuen eta salmenta ondo dihoala ere baieztatu zuen. Honenbestez, herritarrei eta ingurukoei beren sarrera lehenbailehen erosteko aholkatu zien.

Barriolak aditzera eman zuenez, “gaixotasun hau duten lagunek bizitza osoan zehar zaintza batzuk behar dituzte, eta horretarako oso garrantzitsuak dira guk eskaintzen ditugun zerbitzuak, batez ere errehabilitazioa, beraien autonomia ahalik eta gehien mantentzen laguntzeko”. Honetara bideratuko da igandean lortzen den dirua.

Errenteriako Kultura zinegotziak, Ion Collarrek, Udalak mota honetako ekitaldiak “hauspotu” behar dituela azpimarratu zuen eta Ademgirekin urteak elkarlanean daramatzatela gogoratu zuen.

Azkenik, Katxiporretako Aitziber Ugartemendiak ikuskizuna Manolo Urbietaren abestietan oinarri-tzen dela aipatu zuen. - A.M.