Gurutze Santuaren zubian hasiko da antzezpena

Andoaingo herriak galera ikaragarria izan zuen gudu hartan eta ekonomikoki porrot eginda utzi zuen

Jueves, 14 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

Andoain- Ahoz aho jasotako kondairak dio 1837ko irailaren 14an Goikoplazan isuritako odola hainbeste izan zela O’Donell jeneralak borrokan galdutako biadarrekoa (kapela) Kaletxikin behera eraman zuela arrastaka. Larunbatean, jakina, ez da benetako odolik izango, baina gertakariak ahal bezain ondoen erreprodutzitzea da Larramendi Bazkunaren nahia.

1837ko irail hartan liberalak Andoainera hilaren 8an iritsi ziren, Donostia eta Hernanitik irten eta Urnietan barrena jo zuten eraso batean, karlistak Oria eta Leitzaran ibaien beste alderaino bidaliz;Gurutze Santuaren elizatxoraino iritsi ziren liberalak. Liberalen artean atzerriko soldadu asko zen, Brigada Britainiarra osatzen zuten ingeles, irlandar eta eskoziarrak, eta horiek, baita espainiarrek ere, Andoain aldera egin ahala, bidean topatzen zuten ondasun oro gupidarik gabe lapurtu edo erretzeari ekin zioten. Andoainen, Buruntza eta Leizotz auzoetan, 51 baserri guztiz kiskali zituzten.

Gurutze Santuaren zubitikEgunsentiarekin hasi zen borroka, baina larunbateko antzezpenean Gurutze Santuaren zubian hasiko dute, eraso nagusia han izan baitzen.

Zubiaren erasoaren ondoren, liberalek atzera egin zuten, Kale Nagusian gora, eta Goikoplazara iritsi zirenean gehienak ihesari eman zioten Kaletxikin behera Hernani aldera. Eskoziar eta irlandar talde handi bat, ordea, Tourseko San Martin elizan babesa hartu zuen, leku sakratuan bere bizitza salbu izango zelakoan. Karlisten atzetik zetozen herritarrek, baina, ez zuten aurreko egunetako hondamendia eta txikizioak barkatzeko asmorik eta “ez da kuartelik su ematen dutenentzat” deiadar eginez iritsi ziren eliz atariraino. Elizatik soldadu liberalak atera eta asko plazan bertan hil zituzten.

Karlistek garaipen garrantzitsua izan zuten Andoainen, Gipuzkoan Oriamendikoarekin eta Arlabangoarekin batera izan zuten garrantzi-tsuena. Liberalentzat, berriz, galera umilgarria izan zen, bereziki Brigada Brintaniarrarentzat, azken honek Penintsulan barrena galtzeko ohiturarik ez baitzeukan. Andoaingo herriak ere galera ikaragarria izan zuen, kiskalitako baserriek pisu handia zuten herriko ekonomian eta, gainera, hainbat urtez gerrako frontea izateak herria ekonomikoki porrot eginda utzi zuen. - M.S.S.