Arditurrik Bide Berdeen Eguna ospatuko du gaur

Bizikleta martxa, meategira bisitak, haur jolasak eta trial erakustaldia egongo dira

Aitziber Muga - Domingo, 17 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

Oiartzun- Gaur Arditurriko Bide Berdearen 6. eguna ospatuko da Oiartzunen, Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta, herriko hainbat elkarteren laguntzaz.

Egunari hasiera emateko, Arditurriko bizikleta martxa abiatuko da 9.30ean Errenteriako Gamon Zumarditik eta 10.00etan Oiartzungo Done Eztebe plazatik. Horrela, Arditurriko Bide Berdea hartuko du martxak, Arditurriraino iritsiko delarik. Ibilbidearen zailtasun maila erraza da, beraz adin guztientzako egokia da bizikleta martxa hau. Kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da (haurrek zein helduek) eta argia eramatea gomendatzen da. Bizikleta martxan parte hartzeko hamabost minutu lehenago egotea komeni da irteera puntuan.

Ekintza hau Mugikortasunaren Astearen garai berean ospatzen da. Hori dela eta, Arditurriko meategietara autorik erabili gabe hurbiltzeko aukera bultzatu nahi da. Horregatik, Oiartzun eta Errenteriako udalerrietatik abiapuntuak ezarri dira. Gainera, Euskotrenek eta Renfek bere tren guztietan bizikletak garraiatzeko bagoi bereziak dituzte, beraz, Gipuzkoako beste herrietatik ere aukera dago Arditurriko bide berdera sartzeko.

Bizikleta martxaren helmuga Arditurriko meategian egongo da, eta bizikleta gordailu zerbitzua jarriko da. Gainera, bizikletaz joaten direnek hamaiketakoa doan izango dute helmugan, izakinak agortu artean.

Helmugan ere hainbat ekintza antolatu dira. Meategira bisita gidatuak prezio murriztuan egin ahal izango dira goiz osoan zehar eta meategiko bisita-txartelarekin, Seg-way zirkuitua egin ahal izango dute bisitariek dohainik. Honetaz gain, hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izango dute ere: zinta karrerak, herri kirolak, jolasak bizikletarekin, etab.

Aurten saio berri bat izango da gainera, trial erakustaldi bat izango baita 12.00etatik 13.30era. Iker Rodríguez (Euskadiko Trial txapelduna 2016ean), Unai Gómez (2017ko Gipuzkoako Trial txapelduna) eta Julen Gómez (2017ko Gipuzkoako Trial 2. Saria) irundarrak izango dira saio honen protagonistak.