Iraganetik etorkizunera bidaia

Nagore Olkoz eta Harri Fermándezen erreportajea - Martes, 26 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

lau mendeko bidaiari amaiera emango zaio gaur arratsaldean. Zinemaldiak Euskal Zinemaren Eguna ospatuko du Victoria Eugenia Antzokiak hartuko duen ekitaldi batetan, eta bertan, Elkarrekin/Together euskal dokumentala proiektatuko da. Eta zer da dokumental hau, bidaia luze baten amaiera ez bada?

Albaola Itsas Kultur Faktoriak urteak daramatza Estatu Batuetan euskal itsas gizonen inguruko ikerketak egiten. Aski ezaguna den bezala, euskal baleazaleak eta bakailaozaleak, gaur egungo Canadara, hau da, orduko Ternuara joaten ziren arran-tzara. “Jakina, garai haietan ez zegoen egun Canada eta Estatu Batuak bereizten zituen mugarik”, dio Albaolako zuzendari Xabier Agotek. Hain zuzen ere, dokumentalak Agote eta itsas faktoriko ikertzaile talde baten pausoak jarraitzen ditu. Zeren bila? Euskaldunak Ternua baino hegoalderago egon zirela frogatuko luketeen aztarnen bila.

Euskaldunak hegoalderago jaitsi zirenaren susmoa betidanik izan dutela aitortzen du Albaolako presidenteak, Estatu Batuetako Ingalaterra Berrira, hain justu. Agotek berak lotura handia dauka inguru horrekin, urteak eman baizituen bertan ikasketak zabaltzen, eta beti ibili izan baita adi harreman horien inguruko balizko gertakarien inguruan.

Hori horrela, behin, historia liburu bat esku artean zeukala, hara non egin zuen Agotek aurrez-aurre ezusteko topaketa, Ingalaterratik lurralde hartara joandako lehen esploratzailearen kontakizunaren baitan, hain justu. 1602. urtean espedizio ingeles bat gaur egun Amerikako Estatu Batuetako Ingalaterra Berrira heldu zen, Maine estatura, Bartholomew Gosnolden gidaritzapean. Bere kronikariek eginiko idatzi bitxian, bertako indigenekin izandako lehen topaketa deskribatzen da.

“Hara iritsi eta han ikusitako aurreneko gauza euskal txalupa bat izan omen zen, eta bertan arropa europarrez jantzita zihoazen indigenak”, aipatzen du Agotek. Gainera, bezperan inguru haietan Donibane Lohi-tzuneko arrantzale batzuek ere ibili zirela aipatu zieten natiboek ingelesei. “Seguruenik mikmaktarrak izango ziren indiar horiek, eta jakin bagenekien indiarrek harreman estua izan zutela Canadan euskaldunekin”, baina Estatu Batuetan ez denez gure historiaren inguruan ezerrez ikertu, horri heldu nahi izan zion Agotek.

Hala, Gosnold esploratzailearen kronikaren haritik tiraka, Xabier Agoteri atentzioa eman zion datu bat aurkitu zuen, hots, indiarrak Placentia izeneko leku batetik zetozela. Gosnold-ek “Placentia of Newfoundland”-i buruz ari zirela interpretatu zuen, hau da, Ternua hegoaldeko euskal arrantzaleen gune ospetsutik. “Baina Maineko kostaldetik oso urrun zegoen, 800 bat kilometrora”, zehaztu du Agotek, eta horrek zer pentsatu eman zion. Denboraren poderioz, eta Mainera egindako irteera baten karietara, Placentia Island inor bizi ez den uharte txiki bat dela jabetu zen Agote, Maineko kostaldearen erdialdean kokatzen den ehunka uharteetako bat. Egun ez da inor bizi eta parke natural batean kokatzen den txorientzako erreserba da. “Kasualitate hutsa izan zen, karta nautikoan ikusi nuen eta laster lotu nuen indiarren aipuarekin”, gogoratu du Agotek.

Hura izan zen, hain justu, Albaolaren proiektuaren iturburua. 2015ean Albaolako arkeologo talde batekin bisitatu zuen Agotek bigarrengoz lekua, eta bertako historialari eta arkeologoekin iritziak alderatu eta gero, euskal arrantzaleekin lotutako leku hau indiarren bilgune garran-tzitsuenetako bat izan zela konturatu zen. Agoteren esanetan, “uharte hori amerikar indioen eta euskal arran-tzaleen arteko bizikidetza baketsu baten lekukoa izan daiteke”, aurreratu du ikerlariak.

Hori horrela balitz, garai goiztiarretan europar eta amerikar natiboek elkarrekin izandako elkarbizitza eta lankidetza istorioa argituko luke Agotek, aukera hori baztertzen zuten usteekin apurtuz.

Placentia uhartea Aurkikuntza berri horren zantzuei jarraiki, 2016ko udan Xabier Agotek espedizio arkeologiko bat gidatu zuen Placentia uhartean. Eta horrela gauzatu zen Elkarrekin / Togetheregitasmoa. Iraganerako bidaia batetan murgilduko du ikuslea, baina etorkizunerako bidaia ere izango da.

Proiektuaren izenburuari keinu eginez, hiru zuzendari jardun dira elkarrekin proiektu hau gidatzen: Pablo Iraburu, Migueltxo Molina eta Igor Otxoa.

Azken honek filmaren alderdi zinematografikoa komentatu du. Dokumentalaren zati bat Euskal Herrian grabatuta dago, baina dudarik gabe eta proiektuaren trailerrean ikus daiteken bezala, Maine estatuko Placentia uhartea da protagonista nagusia. “Uharteak eremu nahiko mugatua dauka eta pinu asko, leku nahiko klaustrofobikoa da. Irudi horiei kontrajarrita, plano aereoak grabatu genituen, Placentia ehunka uharteen artean kokatzen baita”, argitu du Otxoak eta gaineratu du dokumentalarena hilabete luzeko errodajea izan dela.

Bilatze abentura bezala bataiatu du zuzendariak proiektua. Diziplina ani-tzeko profesionalek osatutako taldeak gidatuko du ikuslea, eta bilatze horretan euskal baleazaleek Ipar Amerikarekin izandako harremana deskubri-tzen doa.

Elkarrekin/Together egitasmoak zubiak eraiki nahi ditu munduan zehar banatuta dagoen euskal diasporarekin, elkarbizitza eta kooperazioa bezalako baloreak sustatuz. Eta dokumentala lankidetza horren adibide bat da.

Bidaia gaur amaituko da. Agote eta bere taldeak Maineko estatuan aurkitu zutena ezagutu nahi duenak, istorio hau nola bukatzen den jakin gura duenak, Victoria Eugenian aurkituko ditu erantzunak.

PROYECTO

próximos pases

Hoy. Príncipe 10 (17.00)

Mañana. Príncipe 9 (22.45)

Jueves. Antiguo Berri 8 (18.30)