bertako gaia

Lizardi: euskal kulturaren hauspoa

Lizardi kultur elkarteak mende erdia darama Tolosan euskal kultura sustatzen. Olerkia, musika eta antzerkia uztartuko dituen emanaldi batek emango dio gaur hasiera antolatu duten egitarauari.

Marta San Sebastianen erreportajea - Martes, 26 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

Urtemuga berezia ospatzeko aitzakia badute aurten Lizardi elkartekoek, izan ere mende erdia egin du kultur elkarteak Tolosan euskal kultura sustatuz. Euskararen alde urte hauetan guztietan egindako lana ezagutarazi nahi diete bazkide berri eta herritarrei, eta horretarako egitarau berezia prestatu dute. Lehenengo ekitaldia gaur izango da Topic-en (19.30ean) eta bertan olerkia, kantua, musika, antzerkia uztartuko dituzte Lizardi poeta handia gogora ekarriz.

Lizardi elkartea ez da elkarte gastronomiko hutsa, hori ere bai, baina batez ere Tolosan euskarari eta euskal kulturari zabaldutako aire freskoa izan da. Elkarteko lehendakari den Arantxa Lakuntzak azaldu moduan, ikastolari lege babesa emateko sortu zen elkartea 1967 urtean. “Beste herri batzuetan hasiak ziren ikastolak sortzen eta legeak jartzen zituen arazoak sahiesteko eliz-barrutian sortzen ari ziren orduan ikastola gehienak, baina Tolosan ez zen hori nahi. “Adin desberdinetako jendea elkartu zen horretarako euskara debekatuta zegoen garaian. Pedagogia berritzailea, aurrerakoia eta euskalduna zuen ikastola nahi zuten eta bere lehen urteetan horixe izan zen bere eginkizun eta helburu bakarra: etxea, ikasleak, irakasleak bilatu, baimenak lortu, behar ziren materialak eskuratu…”, azaldu du Lakuntzak.

Une hartan euskara oraindik debekatuta zegoen eta traba handiak izan zituzten. Hala ere, lehen urte zail eta gogor haiek gainditu ondoren, ikastolak bide propioa hartu zuen eta pixkanaka Laskorain ikastolaren ardura ikasleen gurasoen eskuetara pasatu zen, Guraso Elkartea sortuz. 1971tik aurrera hasi zen Lizardi elkartea euskal kulturaren alde askoz ere biziago lan egiten. Hala ere, urte luzeetan laguntzen jarraitu zion ikastolari. “Euskararen erabilerari indarra ematea, ahaztuta genuen euskara berreskuratzeari ekin zion orduan Lizardik”, gogoratu lehendakariak.

Kultur Hamabostaldiak antolatzen hasi zen orduan elkartea. Lau ziklo antolatu ziren, 1972tik 1976ra eta sekulako oihartzuna izan zuten. “Gaur egun ohikoak diruditen arren, garai hartan ez ziren normalak Tolosan horrelako ekimenak. Lehen edizioan artistak, nekazariak, zinegileak, poetak... izan ziren. Eduardo Txillida gonbidatua izan zen eta hain pozik geratu zen egindako lanarekin, non Lizardiri eskultura bat egingo ziola hitz eman zuen. Eta egin zuen, gaur egun Aranburu Jauregi ondoan duguna”, azaldu du Arantxa Lakun-tzak.

Euskararen erabilera indartzeko helburuarekin beste ekimen asko martxan jarri ziren Lizardiren txokotik. Tolosako gau-eskolaren sorreran lagundu zuen elkarteak;Korrika Batzordea Lizardin kokatu zen;Tolosaldea Birreuskalduntzeko Elkartea Euskal Herrian Euskaraz taldearekin batera osatu zen eta lehen azterketa soziolinguistikoa egin zen eskualdean;Lizardi plaza izendatu zen;Tolosaldeko bertso eskola sortu zen;baserritarren txokoa izan zen Lizardin;Udaberri dantza taldeari laguntza eskaini zi-tzaion;eta kantu-afariak, Santa Ageda bezperako santaeskean hasi ziren, besteak beste.

Olerkia, musika eta antzerkia, gaur

Olerkia, musika eta antzerkia uztartu ditu gaur Topic-en Juantxo Zeberiok zuzenduko duen emanaldiak. “Lizardiren poesia, gehien bat kantu bitartez azaleratuko dugu, baina etorkizunera begirako emanaldia izango da. Kepa Errasti aktorea iraganeko Lizardiren paperan jarriko da, iraganeko eta gaur egungo fikziozko Lizardi baten arteko elkarrizketa plazaratuko dugu”, aurreratu du Zeberiok.

Hilaren 29an, ostirala, elkarteari buruzko liburu eta bideoa aurkeztuko dute eta hilaren 30an, larunbatean, Lizardi Eguna ospatuko dute. Hurrengo asterako bi mahai-inguruak iragarri dituzte.

Egitaraua

Gaur, asteartea. Poesia emanaldia Topic-en, 19.30ean. Juantxo Zeberio eta Elene Arandiak musika eta ahotsa;Igor Estankona, Karlos Linazasoro eta Ione Gorostarzu olerkariak;eta Kepa Errasti aktorea. Doakoa.

Ostirala, hilak 29. Elkarteari buruzko liburuaren eta bideoaren aurkezpena Lizardi elkartean, 19.30ean. Liburuaren banaketa, tertulia eta luntxa.

Larunbata, hilak 30. Lizardi Eguna: kalerjira, bazkaria, omenaldiak, karaokea, kantua, kalejira eta afaria, besteak beste.

Urriak 10, asteazkena. Mahai-ingurua kultur etxean, 19.30ean.

1960-1970 urteetako giro sozial, politiko eta kulturalaren inguruan. Parte hartzaileak: Pontxo Iriarte, Xabier Elosegi, Jose Antonio Lizarribar, Antton Imaz... eta moderatzaile lanetan, Martxelo Otamendi.

Azaroak 15, asteazkena. Mahai-ingurua, kultur etxean, 19.30ean, Euskal literatura XXI. mendean izenburupean. Parte hartzaileak: Garbiñe Ubeda, Jimu Iturralde, Xabier Olarra, Karlo Linazasoro eta Yurre Ugarte, eta moderatzaile lanetan Arantxa Iturbe.