Joserra Senperena

“Juanba Berasategi ezagutu nuen lehen momentutik bere konplize sentiarazi ninduen”

‘Nur eta herensugearen tenplua’ Juanba Berasategiren filme postumoa da. Pelikulako soinu bandaren egilea da Joserra Senperena

Harri Fernández - Miércoles, 27 de Septiembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

donostia- Toti Martínez de Lezearen umeentzako ipuin batean oinarritzen da animaziozko pelikula hau. Senperenak, orain dela hamabost urte ezagutu zuen Juanba Berasategi zena. Aurreko asteburuan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Zinemaldiko programazioaren baitan, eta Senperenak berak egindako moldaketekin, Nur eta herensugearen tenpluaren soinu bandaren hainbat zati interpretatu zituen.

Nola hasi zen Juanba Berasategi eta zure arteko elkarlana?

-Orain dela hamabost bat urte: Juanba eta biok Txirri, Mirri eta Txiribitonen animaziozko luzemetraian elkarrekin lan egin genuen lehen aldiz. Nire lehen luzea zen, gainera. Horrela ezagutu genuen elkar. Geroztik bost pelikula egin genituen: hiru animaziozkoak eta bi dokumental. Bera zuzendari hirutan eta beste bitan ekoizle.

Eta nolakoa zen Berasategi?

-Ezagutzen zenuen lehen momentutik bere konplize sentiarazten zintuen, lantaldearen zati. Juanbak asko zaintzen zuen bere inguruko jendea: familia, lantaldea, lagunak... Bera ezagutu eta berehala hor barruan sentitu nintzen.

Interesgarria da konplizitateari buruz diozuna. Elkarlan batean, zerbait sortzeko garaian, konplizitaterik ez badago, emai-tza bera izan daiteke?

-Konplizitaterik ez dagoenean, lankidetza lan hutsa bihurtzen da. Musika maite denean lana eta pasioa nahasten da, emaitza potenteagoa da.

Nola izan da ‘Nur eta herensugearen tenplua’-n izan duzuen lankidetza?

-Beste pelikula batzuk prozesu luzeagoa izan zuten, baina hau nahiko erraz sortu zen, denbora gutxiagoan. Juanba ezagutu nuenean gomendio bat eman: pelikularen akzioa musikak azpimarratu behar zuen, eta ez soinu efektuek.

Film honetan hori egin al duzue?

Soinu teknikariak soinu-efektu asko prest zituen baina Juanbak alboratu egin zituen musikaren alde. Soinu efektuak egungo zinemagintzan, ez bakarrik animazio zinean, presenteegi daude. Oso fuerte, oso lehenengo planoan. Bere hitzetan, pelikula honek beste erritmo bat du, mantxoagoa. Horregatik tarte batzuk ireki zituen musika gehiago entzun zedin. Beti zegoen prest proposamenak entzun eta partekatzeko.

‘Nur’ animaziozko filmea da. Filmearen tipologiak baldintzatu egiten al du soinu bandaren sorkuntza?

-Oso ezberdina da. Animazio pelikula batean musikak beste funtzio bat betetzen du. Juanbak nahi zuen estiloan, musikak markatu egiten zuen akzioa. Fikziozko filme normal batean hori gerta daiteke edo ez;normalean musikak beste funtzio batzuk ditu. Horregatik, animaziozko filmetan musika asko dago.

Nola izan zen pelikula honen soinu banda sortzeko prozesua?

-Pelikula hau Txinan gertatzen da, Pekineko jolas parke batean, baina pertsonaia ia guztiak mendebaldekoak dira. Juanbari galdetu nion ea musika txinatarra sartu behar nuen eta ezetz esan zidan. Egia da, zenbait pasarteetan musika txinatarraren zenbait zertzelada dituela. Pelikularen erdian Isabel Hergueraren laburmetrai bat dago, zeinak Txinako kondaira tradizional bat kontatzen duen. Horrentzat bai musika txinatarra konposatu nuela.

Nola izan zen soinu bandaren grabaketa?

-Kasu honetan nik montatu nuen ordenagailuarekin. Halere, hari sekzio bat grabatu genuen, baita pianoa ere. Beste guztia programatua izan zen. Horrek ere baldintzatzen du soinu banda. Badakizu hari sekzioa izango duzula eta piano, baina beste guztia ez. Ondorioz, beste guztia gutxiago erabiltzen duzu eta benetako instrumentazioa gehiago.

Nolakoa izan zen Belodromoan Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin izan zenuen esperientzia?

-Oso ezberdina. Lehenengo aldiz orkestra batek nire obra bat jo du. Gazi-gozoa izan zen. Alde batetik, polita, baina bestetik Juanba ez zegoen han. Musikalki oso ederra izan zen. Kontzerturako pelikulari soineko berria egin nion, inoiz baino ederrago egon zedin.

Orkestrarako moldaketa zuk egin zenuen?

-Bai. Soinu bandako zati onenak edo hautatu nituen. Pop zatiak alde batera utzi nituen eta orkestra sinfoniko baterako hoberen egokitu zitezkeen zatiak aukeratu nituen.