Hotzari aurre egiteko, gaztaina jana

asteburuan goierriko hainbat herritan gaztaina janak egin dituzte, plazan bertan erre ostean

M. Aranbururen erreportajea - Martes, 14 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

Goierrin ohitura handia dago udazkenarekin eta lehen hotzak iritsi bezain laster, azaroan gaztaina janak egiteko herritarrak plazan elkartzea. Goxotasunean, eguberri usaina ere nabaritu ohi da gaztaina janetan.

Asteburuan, esaterako, aramarrek gaztaina-jan erraldoia egiten dute San Martin jaien barnean eta ostiralean, iluntzean, egin zuten janaldia. Arama herri txikia izan arren, 300 kilo inguru erre dituzte eta horretarako, lau danbolin erraldoi eta kaxa bat egin zituzten duela bi urte. Lehen, herritik kanpo erretzen zituzten gaztainak, hasiera batean Beasaingo Esnaola eta Olano okindegi-etan eta ondoren, Pagosan.

Plazan erretzeko ohiturari heldu nahi izan zioten berriz ere eta duela pare bat urtetik hona bertan elkartzen dira bizilagunak ekintza berezi hau egiteko. Hala, kilo guztiak danbolinetan sartu eta horiek zaintzeaz aramarrak arduratu ziren, behar zen momentuan buelta emanez berotasun maila egokia izan zezaten. Erre ondoren, herritar asko inguratu ziren denboraldiko lehen gaztainak dastatzera. Gainera, San Martin jaiak izanik festari hasiera emateko aitzakia ona izan zen.

Joan den asteburuan zein honetan, beste herri batzuetan ere ugari izan dira gaztaina jana egiteko elkartu direnak eta hotza egin arren, suaren goxotasunean egon ziren. Hala, Idiazabal eta Legorretan ere erre eta jan zituzten gaztainak.