buruntzaldea

Indarkeriari aurre eginez, denak bat

HILAREN 25EAN | Emakumeei aitortza egiteko ekitaldia eta egitarau berezia antolatu dute lehen aldiz Andoainen

Marta San Sebastianen erreportajea - Sábado, 18 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

Inoiz baino ozenago entzungo da aurten Andoainen indarkeria matxistaren kontrako oihua. Biktimen erreparazioarako eskubidea aldarrikatzeko ekitaldia antolatu dute datorren azaroaren 25erako, baina bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte egitaraua bereziaren baitan.

Andoaingo Udalarentzat ezinbestekoa da biolentzia matxistaren biktima izan diren emakumeen erreparaziorako eskubidea onartu eta errespetatzea;horregatik, aurten estreinakoz, ekimena antolatu du Udalak herriko hainbat emakumerekin elkarlanean “biolentzia matxista salatu eta eskubide horiek aldarrikatzeko”.

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna hilaren 25ean bada ere, lehenago izango dira ekimenak. Hala nola, gaur autodefentsa feminista ikastaroa eskainiko da Emagin elkartearen eskutik Allurralde kiroldegian.

Astelehenean, hilak 20, Ongiz elkarteko Mikel Otxotorenak Eta gizonak zer? Maskulinitate berrietatik, indarkeria matxistari aurre egin hitzaldia eskainiko du Basteron (18.30).

Aurtengo egitarauan herriko hainbat elkartek parte hartu dute, hala nola, gaztetxeak edo Gazte Lokalak. Hain zuzen ere, Gazte Lokalean Itsaspeko bihotzak erakusketa ikusgai izango da azaroaren 22tik 24ra, 17.00etatik 20.30era, eta bisitaldi gidatuak ere iragarri dituzte.

Azaroaren 23an, aldiz, Sortzen kontsultoriako Jone Gurreak Hemen ere pairatzen dugu. Indarkeria matxistaren hainbat alde, eta Andoainen bizi dugun errealitatea eskainiko du Basteron (18.30).

Ekitaldi nagusia, ordea, datorren larunbatean izango da, hilak 25. Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeei aitortza ekitaldia antolatu dute. Juanita Alkain plazatik Goikoplazara, indarkeria matxistaren aurkako ibilbideari ekingo diote, 12.00etan, eta ondoren ekitaldi publikoa izango da. Arratsaldean, 17.30ean, Beldur barik ekimenaren bideo-emanaldia izango da Gazte lokalean eta egunean zehar, Andoaingo Gaztetxearen informazio puntua zabalik izango da.

Egitarauak azaroaren 25etik aratago jarraituko du. Hala, 28an Bertha Gaztelumendik zuzendutako Volar pelikula ikusteko aukera izango da Basteron (18.30). Ondoren, bi protagonistekin solasaldia izango da. Hilaren 30ean, jostailu ez sexistak aukeratzeko tailerra antolatu du Ametsondoa elkartearen eskutik Urigain kultur etxean (17.30) eta, amaitzeko, abenduaren 4an Emakunderen autobus ibiltaria Andoaingo Zumea plazara iritsiko da.