oarsoaldea

Oiartzungo Gobernua herritarrekin bilduko da

Auzoz auzoko bilerak astelehenean hasiko dira Arraguan eta Iturriotzen

Aitziber Muga - Sábado, 18 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

Oiartzun- Urtero bezala, Udalak eta Oiartzungo auzoetako bizilagunek zita garrantzitsuak izango dituzte hilabete honetan. Gobernu taldea herriko auzo guztietara hurbilduko da astelehenetik aurrera.

Batez ere bi gai landuko dira bilera bakoitzean: Udalaren egoeraren balorazioa eta aurrera begirako egitasmoak eta 2018ko aurrekontuak. Gainera auzo bakoitzaren egoeraren errepasoa egin, egon litezkeen beharrak bildu eta lehentasunak finkatuko dira.

“Batzarrak datorren urteko aurrekontuak onartu aurretik egiten direnez, planteatzen diren beharrek isla izaten dute. Azken urteetan auzoetan bideratu diren hobekuntzak auzo batzar hauetan partekatutakotik etorri dira”, adierazi du udal taldeak.

Horregatik, gobernu taldeak oiar-tzuarrak auzo batzar hauetan parte hartzera gonbidatu ditu, horretarako auzo batzarren garrantzia azpimarratuz: “batzar hauetan gaiak, kezkak eta eskaerak zuzenean jaso eta auzotarren artean iri-tziak trukatzen direnez, Udalaren-tzako oso adierazle onak izaten dira herritarren kezkak eta beharrak baloratzeko eta horiek bideratzeko”.

EgutegiaAipatu bezala, bilerak astelehenean hasiko dira. Egun horretan Gobernuko ordezkariak Arraguako elizako lokalean eta Iturriozko auzoko egoitzan izango dira.

Asteazkenean, Altzibar (eskolan) eta Ergoien (Auzokalte elkartean) auzoetako txanda izango da. Egun bat beranduago zinegotziek Karrikan, Artaso elkartean, eta Ugaldetxon, Atamitxen, eskainiko dituzte azalpenak.

Amaitzeko, hilaren 28an Elizalden, Manuel Lekuona liburutegian, eta Gurutzen, Bizardia elkartean, bilerak burutuko dira. Batzar guztiak 19.30ean hasiko dira.

Bide batez, Oiartzungo Udalak legegintzaldi honetan, baita 2017an zehar, auzotarrek auzo batzarretan egindako eskaeretatik aktuazioak egin dituela gogorazi du. Altzibarren auzo lokala bukatzear da, Arraguan Larzabal eremua txukundu da eta Ergoienen bidegorrira loturak egin dira, besteak beste.