urola garaia

Martikorena entzuteko azken aukeretako bat, Zumarragan

Mikel Markezekin batera, kontzertua egingo du datorren ostiralean Zelai Arizti aretoan

Asier Zaldua - Domingo, 19 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

zumarraga- Datorren ostiralean, 20.15ean, Mikel Markezek eta Erramun Martikorenak kontzertua egingo dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Emanaldi hau Martikorena ikusteko azken aukeretako bat izango da, Iparraldeko abeslariak geroz eta kontzertu gutxiago ematen baititu.

Emanaldi hau Zelai Arizti aretoa kudeatzen duen Hirutek enpresak antolatu du, Zumarragako Udalaren laguntzarekin. Sarrerak 10 eurotan jarri dira salgai. Aretoko leihatila irekita dagoen edozein unetan eros daitezke.

Mikel Markez Zumarragan egon zen ostiralean, kontzertua aurkezteko. Prentsaurrekoa eman zuen Zelai Arizti aretoan bertan, Mikel Serrano alkatearekin eta Hirutek enpresako Rikardo Intxaustirekin batera.

Markezek Zumarragan jotzea “plazerra” izango dela esan zuen. “Bizitza honetan zortea izan dut, Erramunekin hainbat kantaldi egiteko aukera izan baitut. Duela 25 urte abestu genuen lehenengoz elkarrekin. Ondoren, berriro topo egin genuen. 2010ean biok diskoetxe berarekin atera genuen diskoa eta, gainera, aldi berean. Ordutik, hainbat aldiz jo dugu elkarrekin. Baita Euskal Herritik kanpo ere: Frantzian, Espainian, Bartzelonako Euskal Etxean... Ondo ezagutzen dugu elkar eta erraza egiten zaigu elkarrekin kantatzea”.

Iparraldeko kantuak Martikorenak eta Niko Etxartek Iparraldeko kantu tradizionalak inork baino hobeto ezagutzen dituztela esan zuen. “Mendetako tradizio bat ematen ari dira”. Zumarragako emanaldiari buruz ere hitz egin zuen. “Nik nire kanta batzuk joko ditut, ondoren berak a capellaabestuko du eta, bukatzeko, elkarrekin kanta tradizional batzuk abestuko ditugu”.

Intxausti oso pozik agertu zen. “Ezohiko eskaintza da antzoki honetan. Gestio lan berezi bati esker lortu dugu. Beste proposamen batzuk genituen, baina emanaldi hau antolatzeko aukera suertatu zenean, honi heldu genion. Izan ere, Erramunek, osasun arazoak direla eta, geroz eta emanaldi gutxiago egiten ditu. Mikelen gestioei esker lortu dugu. Erramunek kontzertua azaroan izatea eskatu zuen eta halako ekitaldietarako egun onena ostirala da. Ostiral guztiak hartuta zeudenez, kon-tzertua ohi baino goizago izango da: 20.15ean”.

Zumarragar eta urretxuarrei kontzertura joateko gonbita luzatu zien. “Erramun ikusteko aukera bikaina da. Beste emanaldi bat eskatu diot, nire herrian hain zuzen ere, eta ezetz esan dit. Mikelek lehen diskoa atera zuenean, teknikari lanak egin nituen berarentzat. Mikelekin dudan adiskidantzari esker lortu dugu Erramun ekartzea. Jendeari gonbita luzatu nahi diot, Erramun abesten entzuteko azken aukera izan baitaiteke”.

Serrano ere pozik agertu zen. “Ekintza oso esanguratsua, polita eta kuttuna da. Mikel Markez eta Erramun Martikorena, belaunaldi ezberdinetan, euskal kantagintzaren bi erreferente dira. Rikardo Intxaustiri esker etorriko dira. Hirutek enpresako arduradunetako bat da eta Zelai Arizti aretoa kudeatzen dute. Beraien lanari esker, zuzeneko ekitaldiez goza-tzeko aukera dugu”.