Igor Elortzak finaleko txartela lortu du Donibane Lohizunen

Maialen Lujanbio ere BECen izango da;Agin Laburuk, ordea, aukera guztiak galdu ditu

Dabi Piedra - Lunes, 27 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 11:34h.

Donibane Lohizune. Maila oneko saioa entzun ahal izan zuten atzo Donibane Lohizuneko Jai Alain bildutako 2.280 entzuleek, Txapelketa Nagusiko azkenaurreko finalaurrekoan.

Lehen itzulian bidea leunduta heldu ziren Igor Elortza eta Maialen Lujanbio, eta BECeko helburua eskuan izateak ematen duen patxadaz abestu zuten. Berriro ibili ziren 700 puntutik gora eta, hortaz, ziurtatuta dute finalerako txartela. Igor Elortzak irabazi zuen saioa, 710ekin, eta 707,5 eman zizkioten Lujanbiori. Lehen itzuli dotorea eginda, eskura zuen finala, era berean, Agin Laburuk. Berarentzat lehendabiziko finala izango zen aurtengoa eta, beharbada presio horri neurria hartu ezinik, ohi baino kamutsago aritu zen Astigarragakoa, gaiei ertzak aurkitu ezinda eta ohi duen estiloa tantaka soilik erakutsiz. Bosgarren izan zen Donibane Lohizunen, 634,5 punturekin, eta ez dirudi finalisten artean egongo denik. Julio Soto (671) eta Jone Uria (668,5) dotore aritu ziren, baina hauek finalerako aukera gutxirekin heldu ziren. Seigarren lekua Iñaki Apalategik bete zuen (633,5), ale politak utzita esan zuen agur.

Saioko bi onenen arteko ofizio indartsuarekin hasi zen arratsaldea, zortziko handian. Bi urteko haurra orain ala sei urterekin eskolatzea zuten eztabaidagai Lujanbiok eta Elortzak. Arrazoi indartsuak plazaratu zituzten biek. Ondoren, lagun baten ezkontzara joan ala ez zalan-tzan jarri zituzten Uria eta Soto, eta ofizio horretan ere ideia zorrotzak entzun ziren. Zortziko txikian ikusleak berotzen hasi ziren, batez ere Lujanbio eta Uriaren artekoarekin. Lujanbioren bulegoan gauzak mugi-tzen zituen garbitzailea zen Uria. "Ta ez zimurtu orain, bekain ta bekoki/ ze dena uzten dizut, alfabetikoki", bota zuen Uriak, eta Lujanbiok eran-tzun: "Alfabetikoa dut, nere desordena". Dema polita osatu zuten.

Puntuka ere, Jone Uria bizi-bizi aritu zen, Labururen ondoan. Supermerkatuko erosketak paga-tzeko dirurik ez zuten pisukideen ahotik, barre algara ederrak eragin zizkioten publikoari, komuneko papera gora eta behera. Gurasoak oporretan dauden bitartean etxea hankaz gora utzi duten anaien azaletik ere, polito aritu ziren Soto eta Elortza. Hamarreko txikian Elortza nabarmendu zen, politikari ustelaren ikuspegia hartuta. Saioaren ondoren, durangarrak onartu zuen ariketa hark bete zuela gehien.

Kartzelako gaia hauxe izan zuten: "Gezurra erran duzu, baina merezi izan du". Maialen Lujanbiok ondo heldu zion gaiari, Europara iritsi berri den etorkinaren azaletik. Ego-tzi ez zezaten, adin txikikoa zela kantatu zuen. "Pasatu dudan horren aldean, gezur txiki bat zer da ba?", biribildu zuen bertsoaldia. Igor Elor-tzak zalantzak izan zituen gaiari nondik ekin asmatzeko orduan, hasieran burura etorritakoa baztertu eta beste bide batetik jo zuen: Bortxatzaile baten aurkako epaiketan, biktimaren aldeko gezurra esan duen lekukoaren papera hartu zuen. Zalantzak zalantza, kartzelako bikaina izan zen Elortzarena. "Gezurra ere esan liteke, egia ez bada sinisten", amaitu zuen lehenengo bertsoa. Hirugarrena honela: "Eta erantzunkizuna/ ez da bakarra laguna/ etorri zait erantzuna/ gaurtik aurrera ere ez baitu, harek zeregin leuna/ orain biktima babestea da, guk egin behar duguna".

Bukaeran pozik zen Igor Elortza, "asetuta". Saio ona egin izanaren sentsazioarekin amaitu zuela aipatu zuen: "Kartzelara arte oso gustura egon naiz". Batez ere hamarreko txikian, bere burua bizkor ikusi zuela adierazi zuen, errima on batzuk pare-parean etorri zitzaizkiola eta. Hurrengo finalaurrekoa izango da azkena eta, beraz, bertan erabakiko dira Amets Arzallusi lagunduko dioten zazpi bertsolarien izenak. Iruñean da hi-tzordua, larunbatean, abenduak 2.