Mikel Laboa

Txoriaren garrasia

A. Zabaleta - Jueves, 7 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 12:01h.

Donostia - Ahots berezia, herri batena, belaunaldi batena, garrasi batena Euskal kantagintza berria delakoaren bultzatzaileetako bat izan zen Mikel Laboa eta bere ahotsa utzi zigun opari. Hark abestutako Txoria txori, Baga biga higa edo Xabier Leteren Izarren hautsa himno bilakatu dira, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren ikur ere bai.

1934an jaio zen Donostian eta Gipuzkoako hiriburuan eman zuen denbora gehiena, Bartzelonan ere bizi izan zen arren. Formazioz eta ogibidez medikua izan zen, zehazki, neuropsikiatrian egin zuen lan haurrekin urte luzez. Osasun arazoek, hala ere, bere bizitza baldintzatu zuten hainbat momentutan.

Hegoamerikako musika herrikoia ezagutu zuen, Katalunian sortzen ari zen mugimendua ere bai (nova cançó) Eta Ez Dok Amairuren sorkuntzan aritu zen, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo eta beste hainbatekin batera. Haiek bezala, euskal kantu herrikoiak eta zaharrak abestu zituen, baina baita berriak sortu ere.

Esperimentatu ere egin zuen ahotsarekin eta Lekeitioak horren isla dira: ahotsaren aukerak jorratu zituen, garrasiak, eztarria behartuz hitzik gabeko soinuak ziren, estetika hutsa. Artista militantea izan zen, baina artista hutsa ere bai. Ikimilikiliklik ikus-entzunezko ikuskaria muntatu eta eskaini zuen (Joxean Artzeren gidoiarekin, Zumetaren txorien marrazkiak proiektatzen ziren bitartean).

Ahots eta soinu berezi horiek, hala ere, lehen mailako abesbatzek eta orkestrek lagundu zituzten eta Laboaren kantu ezagunenak Donostiako Orfeoiaren ahotsetan entzun izan dira. 2006an eskaini zuen azken emanaldia, Donostian bertan, Bakearen aldeko kon-tzertua zelakoan, Zurriolako hondartzan eta Nobel saridun Bob Dylanen aurretik.

2008an hil zen jaioterrian eta Donostiako hiriak lehen Adarra saria eskaini zion 2014an. Horretarako, eta omenaldi moduan, Zarauzko Delorean taldeari Laboaren kantuen moldaketa egiteko eskatu zion. Kantu horiek mundua zeharkatuko dute orain beste behin ere, zarauztarren eskutik.