Ibarra-Galtzakomik, komikigileen erreferente

150 lan jaso ditu euskarazko komikigintza sustatzea helburu duen lehiaketak

Marta San Sebastian - Jueves, 7 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

Ibarra- Parte-hartze aldetik eran-tzun bikaina jaso du Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketak bere hamargarren edizioan. Guztira, ia 150 lan jaso dira aurtengoan eta Euskal Herri guztiko komikigileek hartu dute parte euskarazko komikigintza sustatzea helburu duen lehiaketan. Sari banaketa egin berri dute Galtzaundi Euskara Taldeak eta Ibarrako Udalak.

Edizio honetan, zendu berria den Juanba Berasategi zinema zuzendariari omenaldia eta eskertza egin nahi izan zaio, euskarazko animaziozko film luzeetan aitzindari eta erreferente izateaz gain, Galtzakomikeko epaimahaiko kide ere izan zelako hainbat urtez. Hori dela eta, Berasategiren Kalabaza Tripontzia animaziozko film luzeari keinu egitea eskatu zaie parte-hartzaileei. Aurtengo edizioan honako hauek osatu dute epaimahaia: Ibai Luque diseinatzaileak, Idoia Olano euskara teknikariak, Joseba Antxustegietxarte komikilariak eta Iñigo Martiarena Mattin marrazkilariak.

Hiru kategoria ditu lehiaketak eta 16 urtetik gorakoenean lehen saria Aitor Urkiolarentzat izan da. 12-16 urte bitartekoen kategorian, berriz, lehen saria Maitane Dorronsororentzat izan da eta bigarrena Luzia Echartentzat. Maila honetan aipamen bereziak jaso dituzte Diego Encinasek, Garazi Ormazabalek eta Leire Montoyak, eta Ibarrako lanik onenaren saria Maite Gibelalderen-tzat izan da. 12 urtik beherakoen kategorian, lehen saria Paula Ansorenak jaso du eta bigarrena, Nahia Ansorenak. Epaimahaiaren aipamen bereziak Nahia Beain, Nahia Jerez eta Irati Pagolak osatutako taldearentzat, Unai Plazarentzat, Maitane Ezkerro eta Irati Jauregiren-tzat, eta Nora Andorenarentzat izan dira. Maila honetan Ibarrako lanik onena Alaitz Agirrerena izan da.

Parte-hartzaile guztien artean Mahala produktuekin osatutako bi saski ere zozkatu dira eta Irune Luengo eta Laia Elolari egokitu zaizkie.