“EH Bildu tematuta dago tanatorioarekin, eta obrak hasi dituzte kostua 130.000 eurotan igo den arren”

Getariako jeltzaleek EH Bilduren “utzikeria eta kontu publikoen gestio txarra” salatu dute

Jueves, 7 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h.

Getaria- Getariako udal gobernuak beilatokiari eraikitzeari ekin dio eta EAJren udal taldeko bozeramaile den Aitor Urrestik adierazi du EH Bilduk “ezkutuan eta presaka” hasi dituela obrak.

EAJren arabera, kokapen aldaketak getariar guztiengan izango du eragina: “Kostua 12.000 eurokoa izatetik 142.000 eurokoa izatera pasa da. Eskualtxetako proiektuak 100.000 euroko kostua zuen eta 88.000 euro Eusko Jaurlaritzak ordaintzen zuen laguntza bidez. Orain, Eusko Jaurlaritzako diru-laguntza galdu dute, eta gainera, proiektu berriak 142.000 euroko kostua du. Beraz, 142.000 euro ordainduko ditugu orain getariarrok, gehi urtez urteko gestioa, urtean batezbeste Getarian hiltzen diren 20 pertsona artatzeko”. Bestalde, jeltzaleen arabera, herriari informazio eskubidea ukatu eta parte hartzen utzi gabe ekin diote proiektuari.

Udal taldeak prentsa ohar bidez adierazi duenez, EH Bilduren gestioa “noraezean” ibili da proiektu honetan. “Enpresa pribatu batek aurkeztutako proiektua eraman dute aurrera eta, gainera, herritarren iritzia kontuan izan gabe. Enpresa pribatu batek proiektua aurkeztu zion Udal Gobernuari eta gauzatzea erabaki zuten, inorekin ezer hitz egin gabe, ezta oposizioarekin ere”, diote jeltzaleek. Ondorioz, EH Bilduren “utzikeria eta kontu publikoen gestio txarra” salatu ditu Getariako EAJk.

Horretaz gain, jeltzaleen ustetan ez da zilegi getarriaren diruarekin horrela jokatzea. “Herriak baditu behar ugari, eta gobernu honek nahi duen tanatorioa egiteko, bertan behera jarraituko dute. Eta ez da hori bakarrik: orain tanatorioa egin bai, eta nolakoa izango da horren kudeaketa? Udal Gobernu honek tanatorioa egitean soilik pentsatu du;ez daki nola kudeatuko den, errentagarri izango ote den edota getariarrok estali beharko ote ditugun guneak izango dituen gastuak, zerbitzuak berak ezin baitu adierazi ditugun datuekin”, zehaztu dute.

Amaitzeko, EAJren ustez larria da “erakunde ezberdinek bideratzen dituzten diru-laguntzak gaizki erabiltzearen ondorioz, herritarrak 142.000 euro inolako beharrik gabe ordaindu behar izatea”. - A.R.