Hobeto birziklatzeko totemak jarriko dituzte eskualdean

Tolosaldeko Mankomunitateak 20 herritara eramango ditu egitura berezi hauek herritarren zalantzak argitzeko

Viernes, 12 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:17h.

altzo - “Gehiago eta hobeto” birziklatzeko helburuarekin, Tolosaldeko Mankomunitateak kanpaina berria jarri du martxan. Eskualdeko 20 herrietara eramango ditu birziklatzerako orduan herritarren zalantzak argitzen laguntzen duten totem itxurako egiturak.

Gaur egun Tolosaldeko etxeetako hondakinen gaikako bilketaren bataz bestekoa %62,30era iritsi da eta zenbaki “adierazgarria” bada ere, badago zer hobetu. Hala, Tolosaldeko Mankomunitateak sentsibilizazio kanpaina abiarazi du Ecovidrio eta Ecoembes erakundeekin bat eginda.

Herritarrek zalantzak dituzte ondo birziklatzerako orduan, batez ere, edukiontzi horian jasotzen diren hondakin batzuekin. Horretarako, nola birziklatu argi azalduko duten informazio egitura berezi batzuk jarriko dira 20 herritan. Zurezko paletak berrerabiliz eginiko egitura berezi horietan birziklapen-lerro ezberdinetan bereiztuta jaso behar diren benetako hondakinak jarri dira erakusgai eta baita informazio panelak ere.

Aste honetan hasita, hogei herritan jarriko dira egiturak ikusgai, Tolosako kasuan hiru auzotan. Hala ere, kanpaina honetan herri txikiek izango dute protagonismoa. Kontuan izan behar da eskualdea osatzen duten 28 udalerrietatik 19 herri txikiak direla, 1.000 biztanle baino gutxiagokoak. Abaltzisketa, Baliarrain eta Altzon jarri dituzte dagoeneko totem-ak. - M.S.S.