Irakurzaletasuna bultzatzeko irakasleak trebatuko dituzte

Eusko Jaurlaritzak eta Galtzagorri elkarteak estrategiak eta liburuak proposatuko dizkiete

Arantzazu Zabaleta Ruben Plaza - Sábado, 13 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:12h.

donostia - Eusko Jaurlaritzak eta Galtzagorri elkarteak ekimen berria abiatuko dute Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleak trebatu eta haiek ikasleen artean irakurzaletasuna bultzatu dezaten. Zehazki, tailerrak eta sesio praktikoak eskainiko dizkiete eta estrategiak proposatuko. Gainera, erabilgarri izan daitezkeen kalitatezko 40 liburu proposatuko dizkiete.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak irakurketak gazteen garapen emozional eta afektiboan duen garrantzia azpimarratu zuen proiektuaren aurkezpenean eta haurrengan irakurzaletasuna bultzatzea denon ardura dela ere esan zuen. Ekimen honen bidez, bitartekari lana egiten duten irakasleengan egin nahi dute indarra. Irakasle horiei formazioa eskaintzea beharrezkoa dela gaineratu zuen Galtzagorriko Iñaki Markotegik.

Horretarako lantegi praktikoak proposatu dituzte: bi orduko saioak izango dira eta eguerdian edo arratsaldean eskainiko dira, eskoletan bertan. Dinamika zehatzak proposatu eta gida bat emango diete. Gainera, herri bakoitzean tokiko liburutegietako langileak ere gonbidatuko dituzte, haien eta eskolaren arteko elkarlana bultza-tzeko.

Interesa duten ikastetxeek izena eman dezakete astelehenetik aurrera eta tailerrak otsailean abiatuko dituzte. Helburua 70 eskoletara heltzea izango da lehen urte honetan (berritzeguneetan ere izango dira), baina proiektuak jarraipena izatea espero dute. “Irakasleak motibatu nahi ditugu eta, horrela, haiek ere ikasleak motibatuko dituzte”, gaineratu zuen.

“Liburuek berez ez dakartzate irakurleak, horregatik da garrantzi-tsua bitartekarien lana: haiei esker beste modura irakurtzen dira, adimenarekin, emozioarekin eta modu gozagarrian. Eta irakurle osoak lor daitezke horrela”, gaineratu zuen atzoko aurkezpenean Castillo Suárez idazleak. Euskaraz idatzitako liburuak, gainera, euskararen normalizazioaren bidean input edo tresna garrantzitsua direla azpimarratu zuen.