Lezoko kultur emanaldiak ordaindu egin beharko dira udazkenetik

Haur jarduerek bi euroko prezioa izango dute ikasturte berrian, baina zinema dohainik izaten jarraituko du

Sábado, 13 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:12h.

Lezo - Lezoko kultur eskaintzak datorren udazkenean aro berri bati ekingo dio, Udalak aurreratu duenez. Ikasturte berriarekin batera, beraz, Udalak zenbait berrikuntza txertatuko ditu, bereziki hiru helburu lortzeko: kultur eskaintza eta kultur taldeen lana balioan jartzea;haurren kultur guneak babestea, haurrentzat izan daitezen bermatuz;eta kultur jardueretarako fidelizazioa sustatzea.

Honenbestez, Lezoko Udalak antolatzen dituen kultur emanaldiak eta oro har, kultur eskaintza osoa balioan jartzeko eta kultur taldeei beren lana aitortzeko, udazkenetik aurrera haur jardueretan, helduen ikuskizunetan bezalaxe, sarrera ordaindu beharko da;ez aldiz haur zinemaren kasuan, saioek doakoak izaten jarraituko baitute. Edozein kasutan, ezarriko zaien prezioa sinbolikoa izango da haurren artean kultur jardueren aldeko ohiturak sustatzea delako helburu nagusia, baina era berean, kultur jarduerek duten balioaz jabearaztea ere lortu nahi da.

Prezio sinboliko hori bi eurokoa izango da, baina Udalak haur emankizunen Kultur Bonoak sortuko ditu eta hamar euroren trukean hamar haur ikuskizun edota emanaldi ikusi ahal izango dira. Beraz, Kultur Bonoa eskuratuta, jarduera bakoitzeko euro bat besterik ez da ordaindu behar izango.

Bestalde, haurren ikuskizunetan, haurrek lehentasuna izango dute sartzeko eta lekua egongo balitz, gurasoek ere sartzeko aukera izango lukete. - A.M.