debabarrena

Hondakin bilketa sistemaren aldaketak hasi dira Azpeitian

Otsailaren 10erako sistema berria abian izatea aurreikusten du Udalak

Sábado, 13 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:12h.

azpeitia - Lehen pausoak ematen hasi da Azpeitiko hondakin bilketa sistema berria. Hala, landa eremuan aste honetan bertan hasi dira hondakinak ekarpen guneetan uzten eta hurrengo urratsak, merkataritza, ostalaritza eta elkarte gastronomikoetan eta herrigunean emango dira. Astelehenetik aurrera, hondakin produktore handiak diren merkatari, ostalari eta elkarte gastronomikoei atez ate jasoko zaizkie hondakinak;“beharrezko ontziak banatzen bukatzen ari gara eta datorren astelehenean hasiko dira sistema berriarekin hondakinak atez ate biltzen. Horretarako egutegi eta ordutegi berezia jarraitu behar izango dute”, agertu du Eneko Etxeberria alkateak.

Hurrengo aldaketa herrigunean emango da. Txip bidezko bilketa ezarriko da edukiontzi marroi eta grisarentzat, eta gainerako ontziak gaur egun bezala jarraituko dute. Aldaketa gauzatzeko beharrezkoak diren edukiontzi berriak (beirazkoak izan ezik) hurrengo astean hasiko dira jartzen. “Lehenik paperaren eta on-tzi arinen edukion-tziak aldatuko dituzte, txipik behar ez dutenak, eta urtarrilaren 29an organiko eta errefusaren edukion-tziak (txipdunak) aldatzeari ekingo diote. Gradualki egingo dute aldaketa, baina ordurako herritar guztiek txipa izatea komeni da”, aurreratu du Azpeitiko zinegotzi eta Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakari den Aitor Bereziartuak.

Modu honetan, txipdun txartelak jasotzeko eta herritarren zalantzak argitzeko, hiru gune finko jarriko dira. Batetik, herrigunean bizi direnek Azoka Plazara joan beharko dute, hilaren 15etik 27ra bitartean. Herritarrentzat zabalduko duten bigarren puntua Sanjuandegi eta Loiolabideko bizilagunentzat izango da eta txartelak eta informazioa jasotzeko gunea igerilekuan koka-tzen auzo lokala izango da. Puntu hau urtarrilaren 22tik 27ra egongo da irekita. Hirugarren gunea Urrestillan jarriko dute, jubilatuen lokalean, eta hilaren 17an eta 18an izango ditu ateak zabalik.

Hiru guneak 11.00etatik 14.30era eta 16.00etatik 20.00etara egongo dira zabalik;  larunbatetan, berriz, goizez zabalduko dituzte, 10.00etatik 14.00etara. San Sebastian bezperako arratsaldean eta San Sebastian egunean itxita egongo dira informazio guneak.

“Etxe bakoitzeko txipdun txartel bat banatuko da, eta Bertan Merkatari Elkartearen Azpeitia Txartela ere baliagarria da, Urola Erdiko Mankomunitatean aktibatuta izanez gero. Bigarren txartel bat nahiko luketen herritarrek, berriz, hiru euro ordaindu beharko dituzte”, azaldu du Bereziartuak.

Sistema berriaren ezarpena egun batetik bestera ez dela izango agertu dute Udal ordezkariek, baina aurreikuspenen arabera, otsailaren 10erako herri guztian sistema berriaren ezarpena eginda egotea espero dute. “Gradualki egingo dugu, pixkanaka joango gara edukiontziak aldatzen eta Inauterietarako amaituta egongo dela uste dugu, honela otsailaren 10etik aurrera txipdun txartela erabili beharko dute herritarrek”.

Landa eremua, herrigunea, merkataritza eta elkarte gastronomikoetan sistema berria ezarrita, industria bakarrik falta izango da bilketa sistema aldatzeko. Otsailean izango da aldaketa. Hurrengo hilabetean banatuko zaizkie beharrezko materialak eta hilabeteko epean hasiko dira berezitako bilketa egiten. Azpeitiko ekoizle handien kasuan bezala, industriako hondakinak ere atez ate jasoko dituzte.

gaikako bilketa %70koa Herri guztian aldaketa egindakoan, Azpeitiko gaikako bilketa tasa asko igoko dela uste du Udalak, baina horretarako herritarren laguntza ezinbestekoa izan beharko da: “Azken urteetan eta gaur egun Azpeitiko herrian bota-tzen den zaborraren erdia baino gutxiago sailkatzen da modu egokian. Baina ez dut zalantzarik epe motzean hondakinen %70 baino gehiago gaika bilduko dugula. Horretarako herritarren ohiturak aldatu behar dira, baina ziur gaude denon artean lortuko dugula”, adierazi du Etxeberriak. - Eregi