Zazpi herri, orkestra bat

Hizkuntza gutxituak dituzten Europako zazpi herritako musikarien Tosta Banda antzokietan izango da udaberrian

Arantzazu Zabaletaren erreportajea - Domingo, 14 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:11h.

Partaideak

gales

Gwilym Bowen Rhys. Ahotsak, gitarra akustikoa eta mandolina. Galesez abesten du eta bere herriko hainbat taldetan aritutakoa da. Doinu zaharrak moldatzen ere ari da eta horiekin bakarkako lana atera zuen 2016an.

galizia

Monica de Nut. Ahotsak eta Galiziako panderoa. Opera, jazz, musika tradizionala eta esperimentala landu ditu, baita antzerkia eta dantza ere.

eskozia

Rona Wilkie. Ahotsak eta fiddle-a. Gaelikoz abesten du eta Eskoziako fiddle tradizionala jotzen ere maisua da, Highlands-etako musikaren ikuspegi berria eskaintzen du. Fusioa egiten du bere tradizioa eta mundo mailako beste musikekin.

euskal herria

Mixel Ducau. Alboka, ttun ttuna, egurrezko klarinetea, soprano saxofonoa eta gitarra akustikoa. Konposatzailea ere bada eta Tosta Banda proiektuko zuzendaria Igor Otxoarekin batera.

frisia

Marit Talens. Ahotsa eta perkusio txikia. 20 urteko abeslaria, rock, pop eta jazz generoak landu ditu. Konposatzailea ere bada.

euskal herria

Iñigo Egia. Perkusioa. Afrikako eta Indiako perkusioa aztertu du eta talde askotan aritutakoa da.

kornualles

Bec Applebee. Ahotsak eta perkusioa. Musikaria, aktorea eta zuzendaria da eta nazioartean aritu da. Oso ezaguna Kornuallesen eta bertako musika biziberritzen lagundu du.

irlanda

Caoimhín Ó Fearghail. Ahotsak, bouzoukia eta flauta. Bere herriko artista handien oinordeko, musikari komertzialen eragina ere jaso du.

euskal herria

Mikel Ugarte. Txalaparta. Diziplina askotan aritutakoa. Zurartean ekimenean hartu zuen parte, txalapartari buruzko laborategia. Oreka TXeko kidea da 2008tik.

euskal herria

Ixi Jauregi. Ahotsak, txalaparta, panderoa. Juan Mari Beltranekin aritutakoa da. Bitartean taldeko kidea.

Eskozia, Galizia, Frisia, Gales, Kornualles, Irlanda eta Euskal Herria daude ordezkatuta Tosta Bandan, herri bakoitzeko hizkun-tzan erreferentzialak diren artisten bitartez. 2016. urtean abiatu zuten ekimena, Donostiako Kultur Hiriburutzaren laguntzarekin besteak beste (zazpi herriotako hainbat elkarte eta erakundeek ere babestu dute proiektua). Euskal Herrian abiatu zuten eta Mixel Ducau eta Igor Otxoa arduratu ziren gainerako musikariak bila-tzeaz. Batzuk zuzenean haiek gonbidatu zituzten proiektuarekin bat egitera eta beste kasu batzuetan deialdi publiko baten bidez aukeratu zituzten partaideak. Azkenean, hamar lagunek osatu zuten orkestra eta Interneten bidezko komunikazioaren ondoren, Irlandan elkartu ziren elkar ezagutzeko eta lehenengo aldiz elkarrekin jo-tzeko. Han bertan eta baita beste herri batzuetan ere emanaldiak eskaini zituzten 2016an, Euskal Herrian ere izan ziren, eta guztietan publikoaren harrera oso ona izan zela ikusi zuten.

“Maila pertsonalean eta musikalean” oso esperientzia aberasgarria izan zela konturatu ziren, denak emozionatu zituena. Gainera, emaitza kalitatezko soinu eta ikuskizun berri eta desberdina zen. “Une bateko proiektua baino gehiago izan zitekeela konturatu ginen, erakargarria zela eta ibilbide luzeagoa izan zezakela”, azaldu du Otxoak. Hala, haien musika jada salgai dagoen CD batean jaso dute eta haren aurkezpen bira osatzen ari dira azken asteotan. Euskal Herriko hitzorduez gain, Europa osora eraman nahi dute Tosta Bandaren soinua.

Logistikoki ez dela erraza izango ere aitortu du Otxoak, aldenduta daudelako, baina harremanetan jarraitzen dutela dio eta ikuskizunak baino astebete lehenago edo bilduko dira entseatzeko eta emanaldiari azken ukituak emateko.

Kantak berrasmatzen

“Dinosauro erraldoia desagertu zen, baina armiarma txikiak bizirik jarraitzen du”. Hala diote haien webgunean. Hala, haien musikarekin hizkuntza gutxietuen aldarria egin nahi dute. “Hizkuntza gutxituen hiztunak askotan bakarrik sentitzen gara eta lagungarria da elkar ezagutzea eta besteen errealitateen berri izatea. Gu, zehazki, konturatu gara beste herri batzuetan egoera askoz ere dramatikoagoa dela: Kornuallesen, esaterako, 500 hiztun inguru besterik ez dira geratzen, baina milaka ari dira orain hizkuntza ikasten desagertu ez dadin”, azaldu du Otxoak. Haientzat eta gainerakoentzat hizkuntza horretan “zerbait potentea eta kalitatezkoa” egin daitekeela ikusteak autoestimua altxatzen ere laguntzen duela gaineratu du musikari donostiarrak.

Aipatutako zazpi herrietako musikariak igoko dira taula gainera herri bakoitzeko musika tradizionala jotzeko, baina Tosta Banda guztien batuketa baino gehiago da, musikari guztiak nahasten baititu taula gainean eta doinu bakoi-tza besteen ekarpenarekin moldatu baita, “kantak berrasmatuz” eta soinu berriak eta interesgarriak lortuz. “Hori da berezitasuna” Otxoarentzat, hau da, ez direla hamar bakarlari taula gainean, elkarrekin jotzen duen orkestra bat baizik eta denon artean moldatu dituztela kantak.

Gainera, 2018ko ikuskizunetan sorpresak ere izango dira eta musikariei, besteak beste, dantzariak ere batuko zaizkio: hamalau lagun izango dira taula gainean guztira. “Horrelakorik ez da lehenago egin, ametsa zen hizkuntza gutxituak horrela batzea, musikaren bidez”, aitortu du Igor Otxoak.

Amets horri jarraipena eman nahi diote 2018an.