goierri

Beasainen bi pantaila berri jarri dituzte udal informaziorako

Herritarrei Udalaren eta Beasaingo informazioa zabaltzeko Barrendain eta Bideluze plazan kokatu dituzte

Domingo, 14 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:11h.

beasain - Beasaingo Udalak herritarrei, Udalari berari eta herriari buruzko intereseko informazio eta jakinarazpenak zabaltzeko beste bi pantaila digital berri jarri ditu. Geroz eta jende gehiagorengana iristeko helburuarekin, kalean ahalik eta jende gehien elkartu edo herritarren joan-etorri handiena egon daitekeen guneetan ipini dira. Horrela, batetik, Barrendain plazan kokatu da pantaila digital berri bat, “garraio eta komunikazio lotune garrantzitsua” delako eta bestetik, Bideluze plaza izan da leku aukeratua, “aisialdirako eta merkataritza zerbitzuetarako ezinbesteko pasabidea” bihurtu delako azken urte hauetan. Ekintza ugari egiten dira Bideluze plazan eta herritar askorentzat egunero elkartzeko gunea izaten da.

Beasainen bazeuden aurretik ere Udalaren informazioa zabaltzen duten beste pantaila batzuk. Hain zuzen ere, Antzizar kiroldegian telebista pantaila dago eta Erauskin plazan panel digitala. Orain jarri berri diren biak Erauskin plazan jarritakoaren berdinak dira, eta Udalak jakinarazi duenez, “puntako teknologia dute eta urrunetik panela garbitasunez ikusteko aukera ere eskaintzen dute”. Pantaila hauek testu, irudi eta bideoak erakusteko gai direla adierazi dute eta Udalak herritarrei interesekoa zaien informazio oro zabaltzeko erabiliko dituela.

Udalak informazioaren zabalpena handitu eta bermatzeko helburua duela nabarmendu du eta estrategia horrekin jarraitzeko asmoarekin euskarri ezberdinak indar-tzen jarraitzeko asmoa duela. Gauzak horrela, paperean Udal agenda eta aldizkaria argitaratzen dituzte, eta digitalki, berriz, webgune berria, sare sozialak eta aipaturiko pantailak daude. - M.A.