goierri

Inoiz baino jende gehiago Ordiziako gaztelekuan

Erabiltzaile kopurua ia bikoiztu egin da eta antolatzeko txanda sistema jarri dute

M. Aranburu - Domingo, 14 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:11h.

ordizia - Joan den urriaren 21ean Ordiziako gaztelekuak ateak ireki zituen herriko 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat. Lukusin plazan dago kokatuta espazioa eta bertan doako zerbitzu publikoa eskaintzen da asteburuetan. Gainera, hainbat ekintza ere egiten dituzte elkartzen diren gaztetxoek, hala nola, sukaldean aritzeko aukera dute.

“Orain arte, beste urteetan, 70-80 lagun inguru elkartzen ziren bertan, baina aurten zenbakiak asko egin dute gora eta 150 lagun dira, gutxi gorabehera, asteburuetan gaztelekura joaten direnak”, nabarmendu du Bittor Bolinaga, Ordiziako Udaleko kirol eta gazteria zinegotziak. 12 eta 13 urte bitarteko gaztetxoen kopuruak egin du gora, batez ere. Gaztelekuaren helburu orokorra herriko eta bertan ikasten duten nerabeen-tzat aisialdi hezitzailea eskaintzea dela azaldu du Maitane Balluerca hezitzaileak.

ordutegiak Gauzak horrela, sistema berri bat jartzea erabaki dute Gaztelekuan, guztien segurtasuna bermatzeko asmoarekin eta noski, aforo baldintzak betetzeko beharrarekin. Izan ere, eraikinean bertan egon daitekeen gaztetxo kopurua 45ekoa da, eta aurtengo arrakasta ikusita, neurriak hartu behar izan dituzte. “Aisialdi hezitzailea eskaintzeko daukagun baliabidea txikia geratu zaigu eta bertan sartu ahal izateko txanda sistema jarri dugu martxan”, agertu du Bolinagak.

Horrela, larunbatetan 17.00etatik 19.00etara, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailako nerabeek erabiliko dute zerbitzua eta ondoren, 19.00etatik 21.00etara, DBHko bigarren, hirugarren eta laugarren mailan daudenak. Igandeetan, baina ordutegia aldatu egiten da: “ 16.30etik 18.30era zaharrenek erabiliko dute gaztelekuko zerbi-tzua eta 18.30etik 20.30era, berriz, lehen mailakoek”, zehaztu du zinegotziak.

Balluercak, bestalde, nabarmendu du gaztelekuaren funtzioa gaztetxoak elkartzearena baino zerbait gehiago dela: “Aisialdi hezigarria eskaintzen dugu hemen. Euskarazkoa da eta iritzi kritikoa zein sormena lantzen ditugu etortzen diren guztiekin, oso garrantzitsuak baitira horrelako baloreak gaztetatik hartzea”. Elkarrekin jende askok egon behar duenez espazio berean, bizikidetza arauak eta konpromezua lantzeko saioak ere egin dituzte. Eta nola ez, ekainaren 15era bitartean ez dira faltako jolasak, mahai teniseko zein patata tortila lehiaketak.