urola kosta

Oikian egingo den Eskola Txikien Jaia aurkeztu dute

Ilusioz ekin diote auzotarrek ekainean ospatuko den festa antolatzeari

Ane Roteta - Domingo, 14 de Enero de 2018 - Actualizado a las 06:11h.

Zumaia - Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia Zumaiako Oikia auzoan ospatuko da aurtengoan, hain zuzen ere, ekainaren 10ean. “Erronka handia” izango da auzotarren-tzat, baina ilusioz beteta egin zuten ostiralean festaren aurkezpen ekitaldia, herritarrak aktibatzen hasteko asmoarekin.

Izan ere, ekaina bitartean lan ugari egin behar izango dute auzotarrek, eta eurek esan bezala, “auzolan erraldoia” jarri zuten martxan. Hasiera ekitaldian azpimarratu zutenez, “eskola komunitate osoaren eta herritar guztien artean aurre egin beharreko erronka” izango dute aurten. Horretarako, jada martxan jarri dituzte antolaketa lanetan ariko diren batzordeak: zerbitzuak eta trafikoa, salmentak, ikuskizunak, komunikazioa, ekonomia eta koordinazio orokorra. Batzorde horiek oinarrizko lantaldea dute baina erabat irekita daude parte hartu nahi duen edonorentzat.

Dena den, modu jarraian lagun-tzeko aukerarik ez daukan jendeari ere luzatu zioten deialdia. Izan ere, festa iritsi aurreko azken txanpan lehen hilabete hauetan baino askoz laguntzaile gehiago beharko dira. Beraz, apiriletik aurrera egingo dituzten deialdiei adi egoteko jakinarazi zuten.

Kalitatezko hezkuntza Ekitaldian argazki jendetsuak atera zituzten eta logotipoa ere aurkeztu zuten, baina auzo txikietako eskolek duten garrantzia ere azpimarratu zuten eskolako ordezkariek: “Herri-bizitzaren motor nagusietako bat dira eskola txikiak. Oso harro gaude egiten dugun lanarekin eta iruditzen zaigu bai Oikiako eskolan eta bai beste eskola txiki guztietan ere kalitate altuko hezkuntza ematen dugula. Urte askotan zehar, aurreiritzi asko egon da eskola txikiei buruz, baina azken aldian bai gurasoak eta bai gizarteak orokorrean, balio handia ematen die. Talde txikiak direlako, edota familiak gertu-gertu daudelako”. Zentzu horretan, Oikiako eskola “altxor bat” dela nabarmendu zuten.

Ostiraleko ekitaldiaren ondoren, lan eta erronka handia izango dute, beraz, Oikiako auzotarrek, eta orain hasi eta ekainera bitarte “ikasketa prozesu kolektiboa” izango dutela ere esan zuten, herritar guztiek elkarrekin aritu beharko dutelako “proiektu handi bezain ederra” aurrera ateratzeko.